Albisteak

LEHIAKETA

09 Abu 2019

Ondarroa eta Hondarribia, lehiari berrekiteko

Ondarroa eta Hondarribia, lehiari berrekiteko

Eusko Label Liga eta Euskotren Liga Bizkaiko eta Gipuzkoako uretan berragertuko dira

Astebeteko geldialdialdiaren ostean, bueltan da arraunaren goi mailako lehiaketa. Larunbatean, 18:00tatik aurrera, Ondarroan jokatuko dira Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako jardunaldiak, eta bertan, XXXV. Ondarroako Bandera - Cikautxo Sari Nagusia eta II. Ondarroako Bandera - Cikautxo Sari Nagusia jarriko dira jokoan. Modu horretara, gizonezkoen goi mailako txapelketa hirugarren aldiz iritsiko da Bizkaiko udalerrira, eta ohi bezala, estropadaren eremua iaz bezalakoa izango da. Beraz, barruko balizak Egidazu Kaia kaleko morruaren inguruan egongo dira ainguratuta, eta Zaleen Gunea, berriz, Itsasaurre Plazan kokatuta egongo da. Ohi moduan, gizonek lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte, eta emakumeek, aldiz, bi luze eta ziaboga bakarra. Iaz, Ondarroan jokatu zen estropadan, Zierbana Bahias de Bizkaia izan zen garaile, eta estropada eremuko errekorra Getariak du jarrita (2007), 19'17"79ko denborarekin. Euskotren Ligari dagokionez, Donostia Arraun Lagunak nagusitu zen I. Cikautxo Bandera - Sari Nagusian Orio Babyautoko "Txiki" ontziari 36 ehuneneko bakarrik aterata.

Igandean, ostera, Hondarribian izango dira estropadak 11:40tatik aurrera. Bidasoako hiri hori Eusko Label Ligaren edizio guztietan izan da, hamasei urtetan, alegia. Estropadaren eremuari dagokionez, aurreko urtekoaren berbera izango da; Euskotren Ligako lau ontziek 1,5 milia egin beharko dituzte, eta Eusko Label Ligakoek, aldiz, hiru milia. Gizonezkoen txandak larunbatean jokatuko den Ondarroko estropadako emaitzen arabera osatuko dira. Barruko balizak kai-muturraren ondoan ainguratuta egongo dira eta Zaleen Gunea, aldiz, Hondarribiko hondartzan parean kokatuta egongo da. Garaipenen zerrendari begiratu bat emanez gero, Urdaibai Avia dugu lehen postuan. Hondarribiko Bandera - Mapfre Sari Naguasia jokoan jarri zenetik (2006), "Bou Bizkaia" ontzia sei alditan nagusitu da. Horrez gain, bizkaitarrek dute estropada eremuko errekorra jarria; 2008an 19'21"81ean geratu zuten kronometroa. Halere, aurreko urtean Cabok eraman zuen Hondarribiako "trapua" Galiziara 19'45"86ko denbora burututa eta bermeotarrei 12 ehuneneko bakarrik atera zizkieten. Euskotren Ligako estropadan, berriz, San Juanek irabazi zuen iaz I. Mapfre bandera 10'52"80ko denbora eginda eta hiru segundoko aldea atera zion Orio Babyauto bigarren sailkatuari. 

Hau guztita kontutatan hartuta, bai gizonen baita emakumeen txapelketak ere, lehia bizi bizian iritsiko dira denboraldiko bigarren zatira. Eusko Label Ligan Orio Babyautoko "San Nikolas" ontziak lidertzan sendo jarraitzen du 133 punturekin. Bigarren postuan, berriz, Santurtzi Iberdrola dago kokatuta 117rekin. CaixaBank Patroi Onenaren Sarian, berriz, Arkaitz Diaz Donostiarrako lemazainak segitzen du lehen postuan, eta lau puntuko aldea dauka Iñaki Goikoetxearekiko (Lekittarra Elecnor) eta Borja Gomezekiko (Zierbena Bahias de Bizkaia).

Euskotren Ligari dagokionez, Orio Babyautoko "Txiki" ontzia dago lehen postuan sendo 39 puntu eskuratuta eta momentuz, bederatzi puntuko aldea ateratzen dio Donostia Arraun Lagunaki. Patroi Onenaren Sarian ere oriotarrak dira nagusi; Nadeth Agirre 22 punturekin dago lider eta Andrea Astudillo "Lugañeneko" patroiari zazpi puntuko aldea ateratzen dio. 

Itzuli